ZALDI AZIENDA ARRAZAK
DESKRIBAPENA
|
| Pottoka Euskal
Herrikoa bertakoa den ponia da. Oso animalia landatarra eta indartsua da. Bizkaiko Santi
Mamiko edo Gipuzkoako Ekaingo historiaurreko haitzuloetan agertzen dira lehen zaldien
irudiak. Aintzinatetik bizi izan dira talde basatietan elkartuta. Hierarkia gordetzen dute
eta hazitarako ar bat da denen buru. Orokorrean ondo osatutako ponia da, elipometrikoa,
azpiahurra, subbrevilineoa edo mediolineoa. Buruaren profilari dagokionez, zuzena izatetik
azpiahurra izatera hel daiteke eta aurpegi zuzena du. Onartutako azalerak honakoak dira:
beltza, gaztain-kolore iluna, pia, kanela- kolorekoa eta zuri-beltza. Erresistenteak,
azkarrak, landatarrak, sendoak, otzanak eta ehizerako, ibiltzeko, pasiatzeko eta oztopoen
gainetik jauzteko egokiak dira. Azken funtzio horiei esker ez da desagertu arraza hau.
Beste alde batetik, meatzetako bagoiak eramateko, baserrietan nekazaritzarako eta gurdiak
eramateko, ote zuriak eta mendiko larreak garbitzeko, larrainetan zituak jotzeko eta
haragitarako ere erabili izan dituzte. Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek badauzkate arraza hau hazteko eta ugaltzeko bi zentru. Hazleen elkarte batzuk daude. 1995eko ekainaren 7ko Industria, Nekazaritza eta Arrantzako Sailburuaren aginduz, Euskal Herriko Agintariza Aldizkarian "Pottoka" zaldi azienda arrazari buruzko araudia agertu zen. |
Araudi horren arabera, arraza honen Liburu genealogikoa hiru ataletan dago egituratuta: A atala: Arrazaren estandarraren arabera osatutako buruak, hasieran edo leinuagatik onartutakoak, azalera beltz eta gaztain-kolore ilunekoak eta 1,30 m. edo gutxiagoko garaierakoak bizkar-gurutzean. B atala: Arrazaren estandarraren arabera osatutakoak, hasieran edo leinuagatik onartutakoak, azalera pia-kolorekoa, kanela-kolorekoa edo zuri-beltza dukatenak eta bizkar-gurutzea 1,40 m. edo baxuagoa daukatenak. Era berean, atal honetan sartuko dira A atalekoak izanik ezarritako garaiera baino altuagoak direnak. Eta C atala: "Pottoka" emeenak baina aurreko belaunaldian beste arraza bateko ar batzuenak direnak eta garaiera 1,47 m.koa edo txikiagokoa daukatenak. Gurutzatze hauek Pottoka odola eduki beharko dute %50ean gutxienez. |